Azaroan egiten dute Kultur Elejira Baliarrainen. Adinekoen egunarekin hasi zituzten kultur ekitaldiak. Haurrek zirku tailerra izan zuten, eta baita Eriz magoa ere. Babarrun jatea ere egin zuten Arkaitz elkartean.
Martzelino Dorronosoro alkatea «gustura» agertu da kultur ekitaldiek izan duten erantzunarekin. Hamaika adineko animatu zirela gogoratu du bazkarira, «etxetik ateratzea kosta egiten zaie batzuei oraindik». Aurretik, Jakoba Rekondoren hitzaldia izan zuten herritarrek, eta «oso gustura egon ziren herritarrak, azkar pasa zitzaigun denbora».
Pasa den larunbatean, berriz, haurren txanda izan zen, eta Zirku tailerra izan zuten. “Haur asko elkartu zen eta oso ondo pasa zuten”, adierazi du, Dorronosorok. Txokolate beroa ere banatu zieten guztiei. Herritarrekin batera, kanpoan bizi diren familiako kideak ere animatu dira kultur ekitaldietan parte hartzera.
Igandeko bazkarian, babarrunak izan zituzten jateko, eta ez zen odolki eta saiheskirik faltatu. Arkaitz elkarteko zuzendaritzakoak prestatu zituzten, eta bazkari “ederra” prestatu zuten. 52 lagun elkartu ziren. Jarraian, haurrentzako pentsatua zegoen Eriz magoa izan zela gogoratu du alkateak, baina, “helduok haurrek baino hobeto pasa genuela uste dut”.
Zinegotziak berriak dira, eta kultur ekitaldiak antolatzerakoan denbora gainera etorri zitzaien. Hala ere, “giro ederra” izan da.








