Alegiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta ikastetxeak Saharar herriarekiko elkartasuna indartu nahi dute. Tolosaldea Sahararekin elkartearekin batera urtero egiten dute janari bilketa, baina azken urteetan jendearen ekarpena beherantz joan dela ikusita, ekimena indartu nahi dute.
Udal ordezkariekin batera, gizarte zerbitzuetako langilea eta ikastetxeko irakaslea elkartu dira. Saharar herriarekiko elkartasuna lortzeko, herritarrei deia luzatu nahi diete. Bakoitzak bere ahalmenen araberako ekarpena egin dezake.
Gaia jorratzeko, ikastetxean, elkartasun baloreak lantzen ari dira ikasleekin.
Atzo hasi zuten kanpaina, eta hilaren 31a, asteartea, bitartean luzatuko dute. Materiala, eskolan eta Gizarte Zerbitzuetan jasoko dute. Eskolara, eskolako ordutegian eraman beharko da, eta gizarte zerbitzuetan utzi nahi izanez gero, 09:00etatik 14:00etara joan behar da.
Material ezberdina bildu nahi da jatekoa alde batetik, eta eskolako materiala bestetik.
Jatekoen artean: lekaleak, sardinak eta hegaluzea oliotan, pasta, arroza, azukrea eta olioa. Konpresak eta helduentzako pixoihalak ere jasoko dituzte.
Eskolak eraikitzen ari dira, eta dagoeneko 44 ikasle daude. Behin obrak bukatutakoan, 120 ikasle hartuko dituzte. Horretarako, eskolako materiala bildu nahi dute: arkatzak, ezeztekoak, txorroskiloak, koadernoak,…
Era berean, bigarren eskuko kamioiak erosten dituzte materiala eraman ahal izateko. Horretarako, dirua emateko aukera ere badago, eta bi kontu korronte jarri dituzte:
Kutxa: 2101 00 6722 0011180866 eta La Caixa: 2100 17 5868 0200077750.








